TALDE LANAK

Leire Simon, Maider Urien, Ane Lopez, Irati Vigo eta Unai Iñigo.


EUSKARAREN ERABILERA GAZTEEN ARTEAN



Euskara urte asko dituen hizkuntza da. Datu genetikoek erakusten dutenez, euskaldunok, duela 8000 urte inguru, hizkuntza indoeuroparrak ekarri zituzten populazio neolitikoak baino lehen, Frantzia hego-mendebaldean eta Espainia iparraldean bizi ziren paleolitoko gizon-emakume horien ezaugarri batzuk atxiki ditugu.
Beraz, ez badakigu ere zer nolako itxura zuen orduko euskarak, erran dezakegu Indoeuroparren aitzinekoa dela.
Euskara, egun, Europako hego-mendebaldean hitz egiten da, mendebaldeko Pirinioetako alde bietan, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa Beherea, Nafarroa Garaia eta Zuberoako herrialdeetan.
Euskara, mintzaira guztiak bezala, aldatzen eta hiztegia zabaltzen joan den hizkuntza da. Honen adibide garbiena, euskalkiak izan daitezke. Euskalkiak euskarak dituen dialektoak dira, euskararen aldaerak. Hizkuntza honek batasun handia zuen, baina, Euskal Herriak historian zehar izandako zatiketa politikoen ondorioz euskalkiak sortu egin ziren.
Bost euskalki nagusi ditugu gaur egun: alde batetik mendebaldekoa (bizkaiera), erdialdekoa (gipuzkera) bestetik, nafarra, nafar-lapurtarra eta azkenik zuberotarra.
Nafarroako euskararen egoera, beste leku batzuetan baino okerragoa da. Nafarroan 645 mila biztanle bizi dira, eta horietatik %12 dira euskaldunak. Baina egoera ongi ulertzeko, lehenik eta behin, legeari begiratu behar diogu. Izan ere, 1986.urtean, Euskarari buruzko Foru Legea onartu zuen Nafarroako Parlamentuak, Nafarroako biztanle orok gaztelania eta euskara ezagutu eta erabiltzeko duen eskubidea babesteko. Baina Euskarari buruzko Foru Lege honek, Nafarroako Foru Komunitatea hiru eremutan banatzea ezartzen du, eta eremu bakoitzeko biztanleek erabiltzen duen hizkuntza da banaketa-irizpidea: eremu euskalduna, Nafarroako iparraldean dagoena, hizkuntza ofiziala euskara da, eta biztanleriaren %59 da elebiduna. Eremu mistoan, erdialdean (Iruña barne), euskara ez da ofiziala, baina hainbat eskubide ditu, eta  bertako biztanleriaren %10 elebiduna da. Eta eremu ez-euskaldunean, Foru Komunitateko erdialdean eta hegoaldean kokatua dagoena, euskara ez da ofiziala eta ez du inolako eskubiderik. Biztanleriaren %2 bakarrik da elebiduna.
Gaur egun biztanle gazteenek askoz hizkuntza-gaitasun handiagoak dituzte. Izan ere, euskara ongi edo oso ongi ulertu, hitz egin, idatzi eta irakurtzen dute. Honen arrazoietariko bat, Nafarroan D ereduan ikasten duten gazteak geroz eta gehiago direla izan daiteke; hala ere, haien artean oso gutxitan hitz egiten dute euskaraz. Honen kausak anitzak izan daitezke; gure ustez, honen kausarik handiena eremu mixto batean bizi garela da, horrela askotan gazteleraz hasten ditugu elkarrizketak (denda batean sartzean, tabernetan zerbait eskatzean…) besteek euskaraz ez jakitearen beldur.

Egia da, helduagoak garen heinean euskararen garrantziaz jabetzen garela, eta gutxika-gutxika hizkuntza gehiago erabiltzen dugula. Hala ere, egoera kezkagarria iruditzen zaigu, baina hizkuntza hau berreskuratzeko ahalegin handiak egin dira, eta horren ondorioz, elebitasuna azkartuz doa.

Euskara ez da bakarrik familia barruan erabiltzeko, baizik eta eguneroko bizitzan eta arlo guztietan erabiltzeko dugun hizkuntza da; prentsan, entzun-ikustezkotan, hezkuntzan, interneten…  Kultura adierazpen berritzaileek egunero aberasten dute, eta ahozko literatura bizi-bizian dago, kantuaren, antzerkiaren edo ipuinen bitartez. Adibide bat berrerretenitzeren khantoria da. Aipatzekoa da ere bertsolaritzaren artea, eta honek jendearengan dakarren zirrara.
GRAFIKOA.ashx

Grafikoan ikus daitekeen moduan, 2 urte eta gehiagoko biztanle erdaldunak hogeita hamar urteetan zehar (1981-2011) Euskal Autonomia Erkidegoan ehuneko hirurogeita bost izatetik ehuneko hogeita hemezortzi izatera jaitsi dira. Euskaldunak, berriz, ehuneko hogeita bi izatetik, erdaldunen kopuru bera izatera iritsi dira. Bestalde, ia-euskaldunak diren pertsonen kopurua ere igo dela esan dezakegu, nahiz eta, aldaketa oso nabarmena ez izan (ehuneko hamabost izatetik ehuneko hogeita sei izatera igaro dira).
Gure kasuan, euskara non eta nola ikasi dugun galderari erreparatuz, kasu ezberdinak aurkitu ditugu taldean. Gutako gehienen ama hizkuntza euskara da,  txikitatik gure senideekin etxean ikasi dugularik. Beste batzuen kasuan, berriz, hiru urterekin, ikastolan hastearekin batera ikasi genuen, izan ere, gure gurasoek euskaraz ez jakin arren, hizkuntza hau bultzatzearen helburuarekin gu ikastea nahi izan zuten. Izan ere, lehenago ikasteko aukera zaila izan zen; Nafarroan euskaldunak eta publikoak diren haurtzaindegi gutxi daude, eta eremuan zehar oso sakabanatuak. Beraz, egunero ibilbide luze bat ez egiteko, auzoz auzo mugitzen, gurasoek hurbil zeuden haurtzaindegitara eraman gintuzten, momentuan aukerarik erosoena suertatu baitzitzaien.

Gutako batzuk besteak baino lehenago ikasi arren, denok nahiko txikitatik hasi ginen hizkuntza honetan mintzatzen. Hala eta guztiz ere, guztiok hutsune batzuk sumatzen ditugu hitz egiteko orduan.

Hasteko,  gutako gehienek eguneroko bizitzan erabiltzen ez dugunez, arintasun eta naturaltasun falta nabaritzen dugu eta askotan elkarrizketa bat jarraitzeko zailtasunak ditugu.

Bigarrenik, gai zehatz batzuetan, adibidez, ekonomian, ez ditugu hitz nahikorik ezagutzen haren inguruan aritzeko. Gainera, arazo honi estuki lotuta, gure egunerokoan aurkitzen ditugun elementu askoren izenak ez ditugu ezagutzen, eta horri aurre egiteko, gaztelerazko hitzei “a” gehitzen diegu amaieran. Adibidez, su-itzalgaliu esateko extintorea esango genuke.

Honek guztiak beste arazo larri bat ekartzen du: gehien bat klaseko erregistrora ohituta gaudenez, ez dakigu horretaz gain beste erregistro ezberdinik erabiltzen, esaterako, lagunartekoa.

Beste arazo nabarmen bat haserretzen garenean ematen da. Elkarrizketa euskaraz mantentzen ari bagara ere, gaztelerara pasa ohi gara, erraztasun gehiago dugulako sentitzen dugun guztia pentsatu gabe esateko. Gainera, gaztelerako hiztegian haserrea adierazteko hitz gehiago aurki ditzakegu. Eta zer esanik ez, hitz gorrien edo irainen buruz; gazteleraz irain mota gehiago ezagutzen ditugu, eta modu honetan gure argudioak indartzen ditugu.

Hala ere, badakigu euskaraz irainak edo hitz gorriak daudela, baina hauek ez zaizkigu naturaltasunez eta erraztasunez ateratzen. Izan ere, txikitatik etxean edo kalean entzun ditugun irainak gazteleraz izan dira eta horren ondorioz, barneratu ditugu. Euskaraz ezagutzen ditugun irainak, berriz, xumeagoak edo suabeagoak iruditzen zaizkigu, eta agian, gure haserrea adierazteko ez zaizkigu balio.

Bukatzeko eta aipatutako hutsuneen ondorio bezala, euskara gu baino gehiago dakien pertsona batekin hitz egitean lotsatu egiten gara, izan ere, besteak gu baino gehiago dakiela uste dugu eta  akatsen bat egitearen beldur edo elkarrizketan erosoago sentitzeko, gaztelerara jotzen dugu.

Nolanahi ere, huts hauek ez digute euskaraz hitz egiten galarazten eta eremu askotan erabiltzen dugu. Orokorrean, lehen esan bezala, helduagoak egiten garen heinean, kontzienteagoak gara eta euskaraz mintzatzeko gogo handiagoak ditugu. Beraz, kostatu arren, ahaleginak egiten ditugu  eremu zabalagoetan erabiltzea lortzen dugularik. Batzuk besteak baino gehiago edo gutxiago hitz egin arren, denok erabiltzen dugu, nahiz eta eremu berdinetan ez izan. Esan bezala,  gure senide gehienek euskaraz dakitenez edo gutxienez ulertzen dutenez, haiekin hitz egiten dugu; anai-arrebekin, gurasoekin, aiton-amonekin… Unibertsitatean ere mintzatzen gara askotan, baita ikastolan gurekin ikasitako zenbait gelakideekin ere.

Euskaraz mintzatzearen arrazoirik nagusiena eta sinpleena gure hizkuntza dela da. Baina hala ere,  beste azpi arrazoi batzuk aurki ditzakegu eta  norekin hitz egiten dugunaren arabera edo aurkitzen garen momentuaren arabera sailka ditzakegu hauek.

Adibidez, taldekide baten koadrilan, euskara ez dakien pertsona bat dago. Euskara ikasteko grina eta gogo handiak dituenez, koadrilakoei euskara irakastea eskatu zien. Beraz, ikas dezan, berarekin daudenean, haien artean euskaraz aritzen dira eta honi hitzak, esaldiak… erakusten diote, edo behintzat saiatzen dira. Horrela, euskara ez dakienak zerbait ikasten du, eta aldi berean euskara sustatzen dute beraien artean.

Familiarekin, berriz, betidanik hitz egin dugulako, hau da, gure ama hizkuntza delako eta naturaltasun guztiz ateratzen zaigulako mintzatzen gara.

Bukatzeko, unibertsitatean hizkuntza hau erabiltzearen arrazoi nagusiena, gure ikasketen hizkuntza dela da. Hori dela eta, ikaskide guztiek ezagutzen duten hizkuntza denez, honetan aritzen saiatzen gara, nahiz eta kasu batzuetan lortzen ez dugun.  

Beraz,  aipatu bezala, lagunartean edo unibertsitatean euskaraz hitz egiten saiatzen garen arren, gehienetan edo ia beti gaztelerara pasatzen gara. Izan ere, ez gaude ohituak eta bat-batean gazteleraz ari garela ohartzen gara.

Bestalde, denok dakigun bezala, Euskal Herria bi dimentsioko lurraldea da; dimentsio batean erdaldunak bizi dira eta bestean, berriz, euskaldunak. Beraz, euskaraz ez dakiten pertsonekin elkartzen gara askotan euskaldunok, eta hori dela eta, errespetuz jokatzeko asmoz eta hizkuntza ez dakiena lekuz kanpo ez sentiarazi arren gaztelerara jotzen dugu.

Aipatutako bi dimentsio hauek askotan  elkartzen  edo nahasten direnez, eraikin publiko batera, denda batera, taberna batera… sartzen garenean, ez dakigu zer hizkuntzatan erantzungo diguten. Horregatik, gehienetan gazteleraz hasten dugu elkarrizketa, bestea euskalduna den edo ez jakin gabe.  

Honekin lotuta, gertuko beste kasu bat azalduko dugu. Taldekide baten hiloba ikastolan, hiru urterekin, hasi zenean euskara baino ez zuen ulertzen eta hitz egiten; betidanik familiarekin eta inguruko jendearekin euskaraz egiten baitzuen. Egoera honetan, beste klasekideekin harremanak egiten hasi zenean, hauetako gehienek gaztelera baino ez zutenez ulertzen eta hitz egiten, haiekin erlazionatzeko zailtasunekin topatu zen. Horregatik eta haur txiki guztiek duten ikasteko gogoak zirela eta, etxean hizkuntza honen berri jakin nahi zuela azaldu zuen; hitzak gazteleraz nola esaten ziren galdetzen, adibidez. Horrela gutxika-gutxika, hizkuntza menperatzen joan zen eta klasekideekin hizketan hasi zen. Hala ere, gaztelania hitz egiterako orduan segurtasun falta sumatzen du eta euskararekin hobeto moldatzen dela ikus dezakegu.

Aurretik aipatutako guztia dela eta, egoeraren arabera, eroso edo deseroso sentitzen gara. Honi eman diezaiokegun konponbide bakarra euskaraz hitz egitea da. Hau da, gure eguneroko bizitzan euskaraz aritzea, herritarrak harremanak euskaraz izateko aukerak eta guneak sustatzea, etab. Alegia, adierazkortasuna zaindu eta indartzeko neurriak hartzea eta euskararen kalitatea zaintzea. Azken hamarkadetan lan asko egin da belaunaldi gazteak euskal kulturaz jabetu eta gure inguruneak euskalduntzeko: herri txikietan eskolak eraiki dira, euskararen aldeko festak egin dira, etab. Zati handi batean helburua lortu den arren, ez da aski izan. Beraz, hau aurrera eraman ahal izateko elkarlanean aritu beharko gara, gure inguruko guztiek berdin jokatu behar izango dutelarik, hau da, agian pertsona batek bakarrik ezin du egoera aldatu, baina guztion indarra batu ezkero, eremu euskaldun bat eraikiko dugu.

Egoera hau bultzatzeko, egokiak iruditzen zaizkigun zenbait ekintza proposatuko ditugu:

Familia bidezko transmisioa izan daiteke aurrerapausorik garrantzitsuena. Familia askotan gurasoetako batek bakarrik daki euskaraz, beste askotan euskaltegian euskaldundu berriak dira… Guraso horien seme-alabak euskaldunak izango dira, kasu askotan irakaskuntzari esker. Izan ere, gaur egun, aipatu bezala, familia askotan euskararen egoera ahulegia izan daiteke transmisioa osotasun batean eman ahal izateko. Beraz, haur hauek hizkuntza guztiz menperatzeko eta haien hizkera aberasteko asmoz, produktu eta zerbitzu gehiago eskaini beharko lirateke, batez ere aisialdiari lotutakoak.. Sentsibilizazioa eta motibazioa etengabe lantzea eta familia barruan euskararen erabilera sustatzea oso garrantzitsuak diren faktoreak iruditzen zaizkigu.

Honi lotuta, haurrei zuzendutako euskarazko tailer ezberdinak bultzatu beharko lirateke euskararen erabilera bultzatuko dutenak (margolanak, sukaldaritza, musika, euskal dantzak, kirolak, haurrentzako informatika, etab). Horrek ekimenak antolatzeko beharrezko baliabideak optimizatzea ere ekartzen du. Modu honetan, euskaraz egitera ohitzeaz gain, ez lukete behar bat bezala ikusiko, baizik eta lagunartean ongi pasatzeko modu bat bezala. Hau da, aisialdiko jardueretan euskararen presentzia eta erabilera indartzea eta hauetan erabiltzen den euskararen kalitatea zaintzea.

Aurretik azaldu dugun bezala, askotan, haur txikiak hezkuntzari esker bihurtuko dira euskaldunak. Hori dela eta, Ikastetxearen eta haren ingurune hurbilaren arteko euskarazko harremanak indartzea garrantzi handikoa da baita ere gure aburuz.

Bestalde, hitz egiteko modua barneratuagoa duten pertsonentzako motibazioa eskaini beharko da, hots, arazoaren inguruan kontzientziatu beharko da. Honetarako ezinbestekoa iruditzen zaigu egunerokoan inguratzen gaituen eremua euskara kontuan hartzea. Hau da, euskaraz aritzeko aukera ematea. Adibidez, kaleko kartelak gaztelaniaz gain euskaraz ere egon beharko luketela uste dugu, batez ere eraikin publikoetakoak eta mezu garrantzitsuak helarazteko asmoa dutenak. Horrez gain, zerbitzu publiko nahiz pribatuetan lan egiten duten euskaldunek hizkuntza ezagutzen dutenaren seinalea eman dezakete. Adibidez, Iruñerrian zenbait dendetan lan egiten duten langileek “Nirekin euskaraz!” dioen txapa edo antzekoren bat eramaten dute. Modu honetan, bezero euskaldunak haiekin euskaraz komunikatu daitezkeela dakite.

Azken finean, herritarren gehiengo nabarmena elebidun izanik euskaldunenak diren gune geografikoetan euskara lehen hizkuntza funtzionala izan dadin neurriak hartzea eta euskara herritarren lehen hizkuntza gisa eta hizkuntza natural gisa sendotzeko lagungarri izango diren ekimenak garatzea izango zen gure proposamenetako beste batzuk.

Gainera, arlo sozio-ekonomikoan, Euskara enpresa munduan erabiltzeari prestigioa emango genioke. Hau, euskarazko publizitatearen sorkuntza sustatzearekin konektatuko genuke, horretarako estrategia original, bereizgarri eta berritzaileak bultzatuz eta herri-administrazioen euskarazko publizitatea hedabideetan argitaratuz. Gainera enpresek kanpo proiekzio handia dutenez, ekimenetan hizkuntza irizpideak kontuan hartu beharko lukete.

Orain arte adierazitako proposamenez gain, Euskal kultura ardura handikoa dela uste dugu. Hori dela eta, euskarazko kulturaren kontsumoa bultzatzea, adibidez, euskarazko kultura produktuen zabalkunde egokia eginez, egokia iruditzen zaigu.

Honen guztiaren helburu orokorra, azken batean, euskararen irudi positiboa indartzea eta elebitasun pasiboa areagotzea eta prestigiatzea izango zen.  

Hizkera akademikoa, gainera, idatziz erabiltzen dena, nahiko erraza dela iruditzen zaigu; izan ere, txikitatik euskaraz mintzatu garenez, ez ditugu zailtasun handirik topatzen idazterako orduan. Halaber, batzuetan, zenbait oztopo aurkitzen ditugu:

Esaterako, gutun formal bat (alkateari zerbait eskatzeko, erreklamazio bat egiteko, administrazio bati eskaerak egiteko etab) idazterako orduan, lehen esan bezala hiztegi oso zabala ez dugunez, askotan ez dakigu nola zuzendu behar garen pertsona edo instituzio hartara; gainera, eskutitzaren edo idatzi horren egitura behar bezala egiten ez dakigunez, gehienetan gaizki egiten dugu.

    Bestalde, aditzak ez zaizkigu batere errazak egiten. Egunean zehar erabiltzen ohi direnak behar bezala menperatzen ditugu, baina klaseetan ematen diren aditz luzeak ez dakigu nola jokatu behar diren ezta noiz erabili behar diren.

    Ondoren, nahiz eta hiztegia eta sinonimoak astunak ez egin, euskaraz aritzerakoan ez ditugu kontuan hartzen, hau da: azterketa garaian buruz ikasteko arazorik ez ditugu izaten, baina ondoren edukia ahaztu egiten dugu eta ikasitakoa gehienetan ez dugu aintzat hartzen.


Esandakoak esanda, egoera hau aldatzeko zerbait egitea  beharrezkoa dela uste dugu. Gure arbasoek egindako lan eta ahalegin guztiak baloratu beharko genituzke; gure bazterrak, gure hizkuntza eta gure ohiturak defendituz. Hain famatua den eta euskaldun guztiok ezagutzen dugun abestirari men eginez “Guk euskaraz zuk, zergatik ez?” . Izan ere, euskara da euskaldun egiten gaituen bakarra, eta euskara euskaldunik gabe ezer ez dela dakin moduan, euskaldunok euskararik gabe ezer ez garela badakigu.

Gure hizkuntzak gudak eta konkistak jasan izan ditu, eta halere, beti bizirik jarraitu du. Hizkuntza baten biziraupena hiztunok ziurtatzen dugu eta eguneroko lana da, hitzez hitz eraikitzen dena. Batzuen ustez errepikapenaren bitartez hizkuntza bat ikasten da, beraz euskara gutxi entzuten den herri edo hirietan zaila izango de ikastea.

Hamaika aldiz aipatu bezala, egoera aldatzeko bide bakarra dago. Egunez egun borrokatzea beharrezkoa da, eta modu honetan, orain dela hainbeste mende hasi zen guda irabazteko gai izango gara. Horretarako, ezagutzen dugun armadurarik ziurrena jantziko dugu; hitza, alegia.



   

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina